Berriak

Garrantzitsuena beti eskura

2021/05/25

Getxolan-Udaleko Ekonomia Sustatzeko Sailak "Garrantzitsuena beti eskura" herriko ekonomiaz sentsibilizatzeko eta hori sustatzeko publizitate-kanpaina jarri du abian, urte amaierara arte. Ekimen hori proposamen gisa jaso zen 2021ko Aurrekontu Parte-hartzaileetan, eta helburua da herritarrei ikusaraztea eta animatzea udalerriko 1.300 enpresa eta saltoki baino gehiagotan kontsumitzera. Kanpainan 80.000€ inbertituko dira Getxo Ekinez Planaren barruan, COVID-19aren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko. Online zein offline publizitate-ekintzak egingo dira (kartel handiak kaleetan, Metro geltokietan, Bizkaia Zubiaren ondoan, irrati-iragarkiak, sustapen-bideoak …).

Amaia Agirre alkateak adierazi duenez, "krisi sanitarioak eragindako inpaktuaren eta mugikortasun murrizketen ondorioz, pertsona asko gertukoaren garrantziaz jabetu dira. Herrian kontsumitzen dugunean, etorkizuna sortzen dugu, gure udalerria bizirik egoten laguntzen dugulako; enplegua sustatzen laguntzen dugu, gure bizilagunen establezimenduetan erosten dugulako; bizitzaz betetzen dugu, antolatzen dituzten jardueretan parte hartzen dugulako, eta jasangarriagoa egiten dugu oinez, bizikletaz edo garraio publikoan lekualda gaitezkeelako. Gure esku dago herrian kontsumitzea, baina, leloak ondo dioen bezala, garrantzitsuena eskura daukagu beti, eta Getxon merkataritza-, ostalaritza-, aisia- eta zerbitzu-sektoreetako 1.300 enpresa baino gehiago ditugu, guztiok bizitza errazagoa izan dezagun". Publizitate-sustapena, hainbat bitartekoren bidez, udalerriaren ingurunearen eragin-eremuan egingo da, Plentziatik Erandiora.

Sentsibilizazio-kanpaina horren diseinuan inplikatutako jarduera-sektoreek ere parte hartu dute, mahai sektorialen eta Aholkularitza Foroaren bidez. Gainera, Ekonomia Sustatzeko arloak duela urte batzuetatik garatzen dituen edo etorkizun hurbilean garatuko diren beste ekimen batzuekin bat egiten du, besteak beste honako hauekin: GetxoBono, kontsumoari buruzko sentsibilizazio-kanpaina puntualak (Gabonak), Saldoen Merkatuak… Gainera, sektorearekin lankidetza estuan lan egiten da digitalizazioari laguntzeko (e-commerceko plataformetan, sare sozialetan, GetxoaktibaTU), elikadura osasungarri eta jasangarriko ekimen eta establezimenduak sustatzeko (Km0 establezimenduak, Kalitatea, Eco, soltean, plastikorik gabe, Euskadi Gastronomika…) eta establezimenduak hobeto kudeatzeko aholkularitzan (banakako aholkularitza, kalitate-prozesuak, turismoaren kode etikoa).

Garrantzitsuena beti eskura


Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +