2024/10/28
Besteak beste, honako gai hauek jorratuko dira EAE, Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Errumania eta Italiako profesional adituak bilduko dituen ekitaldian: ikus-entzunezkoen industrian egondako paradigma-aldaketa, adimen artifizialaren eragina, eta formatu digitalen nahiz plataformen bilakaera.
Horrez gain, topaketaren helburuen artean aipatzekoak dira ikus-entzunezkoen industriaren nahiz euskal eduki digitalen oraingo egoera aztertzea eta sektorea indartzea.
2024ko Basqueguna ekitaldia azaroaren 8an egingo da, BiscayTIK -en (Getxo), 10:00etatik 13:30era, Seriesland izeneko eduki digitalen nazioarteko jaialdi eta merkatuaren baitan (*Egitaraua gehitu da).
Bilbao Serieslandek eta EIKEN-Basque Audiovisual and Digital Content klusterrak, Getxoko Udaleko Ekonomia Sustapeneko Arloaren laguntzarekin, Basquegunaren beste edizio bat antolatu dute; azaroaren 8an, ostirala, izango da, eta erdigunean jarriko dira ikus-entzunezkoen sektorearen etorkizuneko asmoak, arreta berezia emanaz sormenerako teknologia eta tresna berriei. Ekitaldia 10:00etan egingo da, BiscayTIK -en (Getxo).
Sektore horretako hainbat herrialdetako adituek beren ezagutzak partekatuko dituzte eta aztertuko dituzte nazioarteko merkatuan euskal enpresen edukien kalitatea eta lehiakortasuna hobetu ditzaketen berrikuntza teknologikoak.
2024ko Basqueguna aukera bikaina da EAEko ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa-sarea sendotzeko, berrikuntza bultzatzeko eta lankidetzan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko. Funtsean, ekitaldiaren bidez euskal sormen-enpresen arteko elkarrizketa bultzatu nahi da sormena eta baliabideen trukaketa sustatzeko, bai eta edukiak batera ekoiztea bultzatuko duten lankidetzak sortzeko ere.
Ildo beretik, aipatzekoak dira ere ekitaldiaren xede hauek: berrikuntza bultzatzea eta sortzen ari diren kultura- eta sormen-industriei laguntzea; lankidetza eta baterako ekoizpenerako beharrak eta aukerak identifikatzea; EAEn sortzea sustatzea eta negozio-aukera berriak eskaintzea; eta euskal ikus-entzunezkoen industriaren oraingo egoerari buruz hausnartzea.