2023/9/27
Gaur, irailak 27, asteazkena, Turismoaren Mundu Eguna dela bide, eta aprobetxatuz duela gutxi milioi bat turista baino gehiago izan direla, Getxoko Turismo Bulegoak hainbat opari eman dizkie gaur Ereagan dituzten egoitzetara hurbildu diren lehen bi turistei, Isabel eta Miguel, Sevillako Los Palacios y Villafranca udalerrikoak.
Amaia Agirre alkateak eta Iñigo Urkitza Turismo zinegotziak ongietorria eman diete eta honako opari hauek eman dizkiete: postal erraldoi bat, produktu gastronomiko sorta bat, souvenir batzuk, bazkari edo afari bat udalerriko jatetxe batean, sarrerak Bizkaia Zubiaren Pasarelarako eta bisita bat udalerrian Getxo Taxi Tour zerbitzuaz.
Amaia Agirre alkateak positibotzat hartu du kopuru esanguratsu horren lorpena. “Ereagako Turismo Bulegoak eta puntu mugikor edo aldi baterakoek milioi bat turista baino gehiago artatu dituzte 1992ko uztailetik aurtengo abuztura. Getxok duen eskaintza turistiko, kultural, komertzial, gastronomiko eta zerbitzu eskaintza bikainaz gozatzeko aukera izan dute 17 autonomia erkidegoetatik eta 5 kontinenteetako 50 herrialde baino gehiagoko bi hiri autonomotatik etorritako milaka lagunek. Gure helburua sektorearekin batera lanean jarraitzea da, turistek urteko edozein unetan bisitatzen jarrai dezaten, eta horrek onurak ekarriko ditu, zalantzarik gabe, udalerriko jarduera ekonomikoan”.
Gainera, gaur Ereagako bulegora eta Bizkaia Zubiko Turismo Informazio Gunera (PIT) hurbiltzen diren pertsona guztiek opari txiki bat jasoko dute.
Turismo-informazioa eta -harrera
Getxoko Informazio eta Harrera Turistikoko Udal Zerbitzua 1992ko uztailaren 22an hasi zen martxan Ereagan (lehenik, Azul Marino egurrezko etxe zaharrean, eta, 2013tik aurrera, egungo eraikinean). Urtebete geroago, 1993ko uztailean, Bizkaia Zubiaren mendeurrena zela eta, Bulego Mugikorra hasi zen, geroago Turismo Informazio Gune (PIT) bihurtu zena.
Instalazio horietan, profesional-talde batek doako zerbitzuak eta informazio turistikoa eskaintzen du Getxori eta Euskadiri buruz, baita Espainiako eta atzerriko beste helmuga batzuei buruz ere. Tokiko turismoa garatzeko laguntza teknikoa ere ematen da, mugikorren bateria elektrikoa kargatzeko doako zerbitzua eskaintzen da, opariak eta oroitzapenak saltzen dira, eta zerbitzu horiei buruzko kexak eta iradokizunak izapidetzen dira.