Lau proiektu artistiko eta sortzaile hautatuak Wanted 2022 deialdian
2023/1/31
Getxoko Udalak jakitera eman ditu hautatutako lau proiektuak gazteek sortutako ekimenei laguntzeko Wanted 2022 programaren deialdian. Programa hori Ekonomia Sustapen eta Gazteria zerbitzuek sustatu dute. Arte- eta sormen-arloko lau proposamen dira, eta, guztira, 28.377 euroko dirulaguntza jasoko dute.
Iñigo Urkitza Sustapen Ekonomikoko zinegotziak gazteei beren proiektuak martxan jartzean ematen zaien babesaren garrantzia azpimarratu du. “Nahiz eta kasu batzuetan ekintzailetza-proiektuak ez izan, horien garapenean eskuratzen diren trebetasunak oso baliagarriak izan daitezke aurrerago enpresa bat sortzea erabakitzen badute. Horregatik, Ekonomia Sustapenaren Arlotik ekimena eta ilusioa duten eta beren lana egiten duten gazteei lagundu nahi diegu, sustatzaileentzat ikaskuntza izateaz gain, udalerriko bizitza kulturala aberastuko duten proiektuak aurrera ateratzeko”.
Bestalde, Gonzalo Ayo Gazteriako zinegotziak nabarmendu duenez, “laguntza horien helburua da jarduera eta ekoizpen sortzailea sustatzea, gure gazteak lanbide-eremuan sar daitezen erraztea eta haien proiektuak sustatzea eta zabaltzea. Horrela, gazteen parte-hartzea eta pentsamendu kritikoa sustatu nahi ditugu, eta Getxon negozio-ideia eta/edo bestelako proiektu berriak loratzen lagundu, herritar guztiek tokiko talentua izan dezaten”.
Proiektuak
- “Flish”. Martín del Busto Ruiz de Velascok bultzatua, Bizkaiko paisaia eta iragan industriala aztertzen dituen erakusketa-proiektua da. Izenburuak erreferentzia egiten die euskal kostaldeko harri sedimentatu geruzei eta hitzaren jatorri germaniarrari berari: “Jariatzea edo irristatzea”. 10.000 euroko laguntza jasoko du.
- “Extraviados” Alejandra Orbegozo Gomezaren film laburra da, eta bere jaioterrira oporrak hartzera itzultzen den Marina gaztearen istorioa kontatzen du. Bere betiko lagunekin festa baterako prestatzen ari den bitartean, ezin du ekidin bertako oroitzapenek eta harreman sentimentalek hura inbaditzea. Film laburrak 6.996 euroko dirulaguntza jasoko du, eta Getxon estreinatuko da.
- “Kalarte” Miren Eva Careaga Cortacans eta Leizuri Hernández Álvarezen sustapen artistikoko proiektua da, eta bigarren bizitza bat eman nahi die Getxoko artisten bidez erabili ez diren hiri-elementu batzuei. Helburua da elementu horiei balioa ematea eta gune horietan egingo diren obrak herritarrei erakustea. 5.945 euro jasoko ditu.
- “Motion Urban Dance-MUD” Iraia Gómez Arzak hiriko dantzazaleentzat egindako proiektua da, lehiatzeko, konektatzeko eta ikasteko aukerak emateko helburua du. Pandemian, lehiaketa bat egin zuten online eta 1.700 bistaratze baino gehiago izan zituen. Hurrengo lehia presentziala apirilaren 16an izango da, Muxikebarrin. Emandako laguntza 5.436 eurokoa da.