2024/3/4
Getxo Kirolak-ek 1.297.800€ banatuko ditu aurten herriko klub eta kirolarientzako diru-laguntza moduan
Eskaerak aurkezteko epea irekita dago, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa Getxo Kirolak-en web orrialdean eskura daiteke
Getxo Kirolak-ek epea ireki du herriko klub eta kirolariek aurtengo urterako diru-laguntzak eskatzeko. Guztira, 1.297.800€ banatuko dira laguntzetan; hau da, iaz banatutako zenbateko bera (Getxo Markako ekipazioetako laguntza izan ezik, lau urtez behin ematen denez, 2023an banatu baitzen). Diru-laguntza horien helburua da, batetik, klub eta elkarteei laguntzea oinarrizko kirola eta kirol federatua sustatzera bideratutako jardueraren bidez sortutako ordainketei aurre egiten, eta, bestetik, laguntza ematea banakako lehiaketetan parte hartzen duten errendimendu handiko tokiko kirolariei ere.
Modu horretan, diru-laguntza honela banatuko da: oinarrizko kirolak 260.000€ jasoko ditu, lehiaketako jardueren eta errendimenduko kirolaren artean 709.000 € banatuko dira, ekitaldiak antolatzeko 216.800€-ko diru-laguntza izango da, herri kirolak sustatzeko 54.000€ izango dira, eta emakumeen kirola sustatzeko beste 25.000€ bideratuko dira. Era berean, aurreikusi gabeko lehiaketetan parte hartzeko 30.000€ emango zaizkie interesatuta dauden elkarteei, 500€ erreserbatuko dira muturreko kiroleko modalitateetan parte hartuko duten kirolarientzat, eta, azkenik, 2.500€-ko laguntza emango da herriko jaietan antolatutako kirol-ekimenaren bat bultzatzeko.
Laguntza horiek guztiak emateko hainbat balorazio-irizpide bete behar dira, eta, horien artean, ondorengoak nabarmentzen dira: emakumeen kirola sustatzea, euskara sustatzea eta elkarte-ehuna udalerriko kirol-politikan inplikatzea eskola-kiroleko programen bitartez.
Interesatuta dauden klub eta pertsonek deialdi honen oinarriak kontsulta ditzakete Getxo Kirolak-en web orrialdean.