2023/11/3
Haria, Getxoko eta inguruko gaztetxoei aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eskaintzen dien elkarteak jasoko du aurten Udalak antolatutako Argia Ereiten XIV Euskara saria. Taldea sortu zenetik, begiraleak era boluntarioan aritu dira lanean jarduerak antolatzen, tartean udaleku ibiltariak, txangoak eta naturara eta kultur ondarera hurbiltzeko ekimenak. Ibon Garagarza getxotarraren eskultura den saria datorren azaroaren 7an, asteartean, 20:00etatik aurrera, Muxikebarrin izango den ekitaldian jasoko dute gazteek.
Haria taldea 2019an sortu zen, Bapiruke udalekuetako begirale batzuek konturatu zirenean ekimen horretan adinagatik parte hartu ezin zuten gaztetxoek inguruan ez zutela beren aisialdirako antzeko eskaintzarik. “Bueltak eman ondoren, sei bat monitore hasi ginen pentsatzen 12 eta 18 urte artekoentzat euskaraz jarduerak egiteko hutsunea zegoela, eta lanean hasi ginen zerbait eskaintzeko, horretarako Haria taldea abian jarriz”, azaldu du Garazi Aranguren, ekimenean hasieratik dagoen begiraleak. Taldeak hainbat balio sustatzea ere du helburu, hala nola, mendizaletasuna, natura zaintzea, euskal ondarea, kultur artekotasuna eta ingurua ezagutzea, auzolana, eta euskal gazteak harremanetan jartzea giro jatorrean. Horretarako, udaleku ibiltariak, eta urtean zehar txangoak eta ekitaldiak antolatzen dituzte, herriko bizitzan parte hartzera animatzeaz gain, biharko belaunaldi kritiko eta zentzudunak eraikitze aldera. Taldearen izenak adierazten duenez, nerabe eta euskararen arteko haria mantentzen lagundu nahi dute.
Gazte taldeak lehen udaleku ibiltaria 2020an antolatu zuen Uribe Kostatik eta horrez geroztik etengabe aritu dira, euskararekin eta gazteekin hartu duten konpromisoa aurrera eramaten era asanblearioan, gazteen iritziak eta partaidetza kontuan hartzen. Lan boluntarioa denez, batzuetan zaila egiten zaie konpromisoa beren bizitzaren zereginekin bateratu ahal izatea. “Argi eduki dugu beti gure berezitasun bat borondatezko lana izatea dela, proiektuan sinisten dugulako eta ez dugulako bere xarma galdu nahi”. Horregatik eta proiektuak jarraipena edukitzeko, begiraleek 18 urte betetzen dituzten gazteak animatzen dituzte monitoretza titulua ateratzeko eta taldearen proiektuarekin bat egiten jarraitzeko, etorkizuna ziurtatze aldera. Une honetan, 18 eta 32 urte bitarteko 10 bat monitore ari dira lanean eta G.Arangurenek azaldutakoaren arabera, jarduerak 50 gaztetxori eskaini ahal diezaizkiete, gehiago artatzeko kapazitaterik ez dutelako. Gehienez autobus batean sartzen direnak onar ditzakete eta horren, laguntzeko furgoneta baten, bazkariaren eta behar izatekotan aterpetxearen gastuak familiek ordaintzen dituzte, ez dutelako diru-laguntzarik jasotzen. Beren eskaintzaren berri jendearen artean ahoz aho zabaltzen dute, eta urtetik urtera gero eta gaztetxo gehiago apuntatzen ari dira.
Elisabete Egiguren, bi neskatoren ama da eta ondo ezagutzen ditu Haria taldearen lana eta begiraleen esfortzua. Hasierako urteetan alaba nagusia apuntatu zen, euskaraz jarduerak egin ahal izateaz gain, lagunekin gauzak euskaraz egin ahal izateko, eta orain lekukoa alaba txikiari pasa dio. “Oso pozik joaten da, eta jardueratatik kanpo ere harremana mantentzen dute. Gure familiak bat egiten du taldeak sustatzen dituen baloreekin. Begiraleek lan bikaina egiten dute, ordu pila bat ematen dutelako lanean eta horri esker oso talde majoak sortzea lortzen dute. Begiak itxita gomendatuko nuke seme-alabak bidaltzea”, nabarmendu du Egigurenek.
Iritzi berekoa da Ekain Escudero, 16 urteko gaztea. Berak parte hartzen du taldeak antolatzen dituen jardueretan euskaraz bizi nahi duelako eta oso ondo pasatzen duelako. Bapiruken amaitu ondoren, aukera ezin hobea iruditu zitzaion, bere hitzetan, kalean euskara gutxi entzuten delako. “Euskaraz bizitzeko aukera ematen digu Hariak. Oso giro polita dugu gure artean, familia bat bezalakoa gara”, aitortu du gazteak.
Poztasun handia taldeko kideen artean
Haria taldeko sustatzaile eta parte hartzaile guztiak poz pozik daude jasotako sariarekin, beraiek egiten duten lan eta duten konpromisoa aitortzea delako. Ekain Escuderori ilusio handia egin dio “proiektua ikusarazteko balio izango duelako”; Elisabete Egigurenek bat egiten du berarekin eta gainera uste du begiraleen meritua nabarmentzeko balio duela, eta begiraleak ere pozik eta harro sentitzen dira, “ilusio handia egiten digu errekonozimendua eta bultzada ere izango da hurrengo jarduerak prestatzen jarraitzeko, esate baterako mendi irteera bat azaroan eta Gabonetako plana”, amaitu du Garazi Arangurunek.