2023/10/3
Urriaren 6tik 22ra bitartean, diziplina anitzeko hamar eskainiko dira Muxikebarrin
Ostiralean, urriak 6, hasiko da arte eszenikoei eskainitako Getxo Eszena programaren 41. edizioa, hilaren 22ra arte zenbait diziplinatako ikuskizunen eskaintza zabala hartuko duena. Guztira, hamar lan antzeztuko dira Muxikebarrin, gehienak euskal konpainien eskutik, baina baita Euskaditik kanpoko beste batzuen eskutik ere. Sarrerak Kultur Etxeko ohiko salmenta-kanaletan daude salgai.
Zikloa hiru astetan zehar luzatuko da eta lehenengo etapa ostiralean hasiko da ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’ (19:30) antzezlanarekin, Meatrokoadrokoak eta Sormen Laborategiak, familiaren kontzeptutik abiatuta, sitcom eta poesia bisualaren artean egingo duten euskarazko antzerki muntaiarekin. Hurrengo egunean, urriaren 7an, 'Nevenka' (20:00) eskainiko da, Nevenka Fernandezen historia kontatzen duen Histrión Teatroren lana, hain zuzen ere. Horren protagonistak kargu politiko baten aurkako jazarpenagatiko epaiketa bat irabazi zuen 2001ean, Espainiako historian lehen aldiz. Lehenengo asteburua amaitzeko, ‘Abundance’ (19:00), Osa+Mujikaren dantza pieza izango da, monogamia zalantzan jartzen duena.
Bigarren astean, Getxo Eszenak ‘Sueño de una noche de verano’ shakesperiano klasikoa berrikustea proposatzen digu, urriaren 12an, 19: 00etan. Sin Remilgos, tokiko Utopian konpainiaren sail gazteak, Teseo Atenasko dukearen ezkontzan gertatzen den istorio ezagun honen bere ikuspegia eskainiko du. Hurrengo egunean, hilak 13, ostirala, Axut! eta Artedrama konpainiek ‘Hondamendia’ (19:30) aurkeztuko dute. Euskarazko muntaia honek 2020an Zaldibarren zaborrontzi bat erori eta bi langile hil ziren gertaeraren ostekoak kontatzen ditu.
Larunbatean, hilak 14, Pepa Plana konpainiak ‘Si tú te vas’ (20:00) antzeztuko du, hiru pailazo protagonista dituen lana. Hiru emakume heroiek euren bizipenak eta istorioak kontatzen dituzte, barre eta barre eragiteko borondatearekin. Igandean, hilak 15, itxiko da asteburua Anita Maravillasen ‘Andereñoa’ (18:00), haurrentzako lanaren eskutik, landa eskola txiki batean girotua dagoena.
Getxo Eszenako azken astean beste hiru ikuskizun izango dira. Ostiralean, hilak 20, ‘Zarra’ (20:00), Adriana Bilbaoren dantza-lana, Telmo Zarraonandia, Athleticeko jokalari mitikoa eta futbolaren elezaharra omentzen duena. Larunbatean, hilak 21, ‘Pandataria’ Jardunaldietara iritsiko da (20:00), Cayetana Guillén Cuervo aktorea eta Chevi Muraday koreografo eta dantzaria protagonista dituen antzerki dantza ikuskizuna. Lan hau izen bereko uhartean dago girotuta, gizarteak baztertutako pertsona desberdinak erbesteratzen dituzten lekuan. Dantzak, rapak eta interpretazioak eskua ematen diote gizarteari egokitzen ez zaizkionekiko diskriminazioari, Erromatar Inperioaren garaitik gaur egunera arte erbesteratutako pertsona ospetsuen historian barrena ibilbidea eginez. Azkenik, ‘Urteak bete, abenturak bizi’ (16:30 eta 19:00) Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ospetsuen azken haurrentzako ikuskizunaren eskutik borobilduko da Getxo Eszena.