2023/7/2
Giulio Ottanelli Quartet banda frantziarrak irabazi du Getxoko 46. Nazioarteko Jazzaldiko Talde Lehiaketa eta Alemaniako Vincent Meissner Trio-k bigarren saria eskuratu du. Halaber, Henri Reichmannek, azken talde horretako bateria-jotzaileak, bakarlari onenari emandako saria jaso du.
Giulio Ottanelli Quartet Parisko Kontserbatorio Nazionalean sortutako taldea da eta saxofoi-jotzaile, konpositore eta moldatzaile italiar gaztea du buru. Bach eta Ravelen musikaren eta Billy Strayhorn eta Mark Turner bezalako artisten jazzaren eraginez, doinu finetan oinarritutako jazz herrikoia egiten dute, modu kementsuan interpretatuta. Abentura honetan, Jeremie Luchese (saxo tenorra), Cyril Drapé (kontrabaxua) eta Émile Rameau (bateria) laguntzen dute Ottanelli.
Bestalde, Vincent Meissner pianista gazteak eta Alemaniako jazz eszenako talenturik oparoenetako bat denak gidatzen du bigarren saria eskuratu duen hirukotea. Henri Reichmannekin (bateria) eta Josef Zeimetzekin (kontrabaxua) batera osatzen du taldea eta azken hiru urteetan, hainbat sari jaso dituzte, esaterako German Jazz Union beka (2019), German Central Jazz Award (2020), Junger Muncher Jazz Preis (2021) eta Biberach Jazzpreis (2022). Forma eta erritmo konplexuekin esperimentatzen dute, ezohiko eta aldi berean gogoangarriak diren melodiekin.
Sariak
Talde Lehiaketaren irabazleek 4.300 euro jasoko dituzte eta CD bat grabatuko dute zuzenean. Gainera, talde irabazlea gaur jardungo da berriz ere Muxikebarrin, 21:00etan, Dave Holland New Quartet-en aurretik. Halaber, garaileek Lovainako (Belgika) B-Jazz eta Eivissako Jazzaldietan ere parte hartuko dute, Getxo Jazzaldiak horiekin duen lankidetza-hitzarmena dela medio. Bigarren sariari 1.800 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 900 euro eskuratuko ditu.
GETXO JAZZ 2023ko TALDE LEHIAKETA
1. Saria: GIULIO OTTANELLI QUARTET
2. Saria: VINCENT MEISSNER TRIO
Bakarlaririk onena: HENRI REICHMANN (bateria; Vincent Meissner Trio)