Berriak

Juana Bizkarra egonaldi artistikoa:

2021/09/17

Antzezlanaren irudia / Imagen de la obra

Juana Bizkarra egonaldi artistikoaren lehen edizioan hautatutako proiektua "L.O.F.-Ladies On Fight" da, gaur egun arteaz bizitzeak dakarren zailtasunari heltzeko emakumeen borroka librearen mundua abiapuntu duen dantza ikuskizun tragikomikoa, hain zuzen ere. Proiektu eszenikoak sustatzea helburu duen egonaldiaren epaimahaiak bederatzi proposamenen artean aukeratu du lan hori. Lana Muxikebarrin antzeztuko da urriaren 15ean, 21ean eta 23an. Ikuskizunerako gonbidapenak Romo Kultur Etxean eta Muxikebarrin jaso ahal izango dira.

Eva Guerrerok zuzentzen du DOOS Kolektiboaren ikuskizun hori, eta Garazi López de Armentia, Helenna Wilhelmsson, Leire Otamendi, Estibaliz Villa eta Bego Krego aktoreek osatzen dute. 80ko hamarkadaren amaierako «Gorgeus Ladies of Wrestling» telebista saioan oinarritua, lau borrokalari taularatzen ditu, emakume batek arbitratuak, txapelketa bat jokatzen ari direla. Dantzaren eta umorearen bidez, arteaz bizitzeak dakarren eguneroko borrokari buruz ironizatzen dute, konplexurik gabe. Beti barrea bilatuz, protagonistek emakumearen irudia, laneko prekarietatea edo show-bussinessa bezalako gaiak taularatzen dituzte.

Juana Bizkarra egonaldiak euskal kultur sektoreari lagundu nahi dio, bere espazioa, baliabideak eta zuzkidura ekonomikoa eskainiz antzezlanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak ekoizteko eta muntatzeko, eta, aldi berean, sormen-prozesua Getxoko herritarrei hurbildu nahi die, kulturako ezagutza, esperientzia eta parte-hartzea hobetze aldera. Hori dela eta, obraren antzezpenaz gain, bitartekaritza-ekimenak egingo dira, Kultura Gelak laster iragarriko dituen ertzen topaketa sustatzeko herritarrekin eta tokiko kolektiboekin.

Epaimahaia

Lehen edizio honetako epaimahaia honako hauek osatu dute: Getxoko Kultur Etxeko zuzendariak eta bi teknikarik, Matxalen De Pedro aktore eta Dantzertiko (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskola) irakasleak, eta Katrin Schlegel aktore eta kultur teknikariak. Hautatutako proposamenak 10.000 euroko zuzkidura ekonomikoa jasoko du.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +