2024/9/26
Punta Begoña, zuzenean. En vivo y en directo izeneko irratsaioak ondarea gizarteari hurbiltzeko diseinatutako programazioaz beteko ditu Punta Begoñako Galeriak, urriko ostiraletan, 10:00etatik 13:00etara, “Kultura konektatzen duen lekuan” aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien leloarekin bat etorriz. Punta Begoñatik kultur ondarearen eta gure bizitzen egungoaren alderdi anitzak erakutsiko ditu, egitarau zabala eskainiz: hitzaldiak, musika, antzerkia, elkarrizketak, bertsoak, txotxongiloak, kontakizunak, bisitak; publikoari irekia, irrati eta streaming bidez emango da.
Urrian zehar egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldien barruan Getxon egingo diren ekimenetako bat da. Iñigo Urkitza Turismo zinegotziak adierazi duen bezala, "jardunaldien helburua tokiko ondarea balioan jartzea eta ikusaraztea da, bereziki jasangarritasunaren eta GJHak betetzearen ikuspegitik landutako edizio honetan".
Ospakizunean, gainera, hurrengoak ere izango dira: 3D inprimaketa tailerra, hilaren 25ean ibilbide toponimikoak, bisita gidatuak, eta Las casas baratas de Romo. Cien años de antigüedad (hilaren 19an, 18:00etan, RKEn) eta Las barreras: un relato de dos barrios (25ean, 20:00etan, Andrés Isasi Musika Eskolan) dokumentalen proiekzioa.