2024/9/16
Udalak jarraitzen du zerbitzu publikoen berrikuntzaren eta modernizazioaren aldeko apustua egiten, 2025ean eraldaketa digitalerako asmo handiko proiektu bat abian jarrita. Proiektu berri honek, bere estrategia digitalaren bigarren fasea markatzen duenak, zerga arloan Udalaren eta herritarren arteko harremana erraztea du helburu, eta Osoko Bilkuran alderdi politiko guztiek babestu zuten, Elkarrekin Podemos-ek izan ezik, abstenitu egin baitzen.
Horrela, Getxoko zergadunek arin eta erraz egin ahal izango dituzte honako kudeaketa hauek: banku-kontuak aldatzea, erreklamazioak aurkeztea, ordainagiriak ordaintzea eta egiaztagiriak lortzea, baita dokumentu fiskalen baliozkotasuna deskargatu eta egiaztatzea ere.
Zaloa Campillo Eraldaketa Digitala Arloko zinegotziak adierazi duenez, "proiektu hau urrats garrantzitsua da herritarren eta Udalaren arteko harremana sendotzeko, eskuragarriagoa eta hurbilagoa eginez, eta, aldi berean, aro digitalaren eskaeretara egokituz. Getxoko herritarrentzat onuragarria izango da, eta Udalaren barne-lanaren eraginkortasuna hobetuko du. Prozesuen automatizazioa eta sinplifikazioa, zerga-bilketaren eraginkortasuna hobetzearekin batera, funtsezkoak dira Udalak kalitateko zerbitzu publikoak eskaintzen jarrai dezan, herritarrei arreta integrala eskaintzeko gai izateaz gain".
UdalTax
Udalak abian jarriko duen sistema Bilboko Udalak "UdalTax" zerga-bilketako eta -kudeaketako sistema integralarekin duen esperientzian oinarritzen da, eta administrazio publikoen arteko lankidetza instituzionalaren onurak aprobetxatuz gauzatuko da.
Getxon eraldaketa digitalerako estrategia global baten parte da ekimena, eta datozen urteetan ekintza berriak jarriko ditu abian administrazio publikoak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko.
Ekintza berri honen bitartez, Udalak bere zerbitzuen modernizazioarekin duen konpromisoa berresten du, administrazio eredu eskuragarriagoa, eraginkorragoa eta XXI. mendeko beharretara egokitua bultzatuz, legealdiko planaren erronketan herritarrekiko harremana hobetzeari dagokionez adierazten den bezala.