2023/11/13
Getxoko Udal Gobernuak (EAJ-PNV eta PSE-EE) 2024rako udal aurrekontu proiektuaren dokumentazio osoa eman die gaur udal talde politikoei. Aurreko urtearen aldean, %7,52 igo da aurrekontua eta 129.410.634 eurora iritsi da. Hori da orain arte lortu den kopururik handiena.
Astelehen honetan, azaroaren 13a, Udalaren 2024ko Udal Aurrekontu Orokorraren tramitazioari hasiera emateko ezohiko antolaketa eta kontu batzordea deitu da. Batzorde hori datorren ostegunean, hilak 16, egingo da; egun horretatik aurrera hasiko da zuzenketak egiteko epea. Azkenik, udalbatzak aurrekontu proiektua eztabaidatu eta bozkatu beharko du abenduaren 22an egingo den osoko bilkura berezian.
Udal tasak eta zergak ez dira aldatu 2023tik. “Hala ere, ekonomiaren eta herritarren dinamismoak erraztu egiten du, tasei eta zergei eutsita, diru-sarreren aurreikuspenak gora egitea”, udal-gobernutik adierazten dutenez. Aurreikusitako hazkunderik handiena Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko udalen izenean egiten duen diru-bilketa, Udalkutxa udal-finantzaketarako fondoa, hobetzetik dator, 60.418.340€-koa baita, eta udal-sarrera guztien %46,7 hartzen baitu. “Halaber, herritarrek gehiago erabiltzeagatik eta gehiago gozatzeagatik diru-sarrerak handitzea aurreikusten da (azken ekitaldietan ikusten den joerari jarraiki), kirolarekin, kultura fisikoarekin eta abarrekin lotuta”, gobernuaren arabera. Aitzitik, zuzeneko zergak, hala nola OHZ edo Ibilgailuena, ia ez dira aldatuko 2023koari dagokionez, eta 25.771.557€tan mantentzen dira (%0,9ko aldakuntza).
Udal-gastuko partidei dagokienez, portzentajezko hazkunderik handiena inbertsioetan izan da, %13,33 igo baitira eta 12.054.000€-ra iritsi baitira. Aurrekontu-proiektuak, gainera, 1.500.000€-ko partida bat jasotzen du, helburu jakinik gabea, eta tarte gehigarri bat ematen du oposizioko alderdiekiko negoziazioa eta akordioak errazteko. Joan den hilean bilera-sorta bat hasi zen, eta aurrekontuaren zirriborroaren jarduera-ildo nagusiak jakinarazi zitzaizkien udaleko talde politikoei.