Musika
Data: 2024/10/5 - 2024/10/5
Ordutegia: 19:30
Tokia: Andrés Isasi entzunaretoan (Areeta)
1908ko maiatzaren 12an, Bilboko Elkarte Filarmonikoan, Andrés Isasiren bizitza aldatu zen, edo behintzat 1890ean Bilboko Arenalean jaiotako konpositoreak ordura arte izan zuen bizi eta musika ikuspegia. Arratsalde hartan entzun, ikusi eta sentitu zuen lehen aldiz Richard Straussek zuzendutako Berlingo Orkestra Filarmonikoa. Isasi gaztearengan eragin handia izan zuen bi poema sinfonikoak entzutean, eta Alemaniara eraman zuen musika-prestakuntza jarraitzera.
1909an Berlinera joan zen Engelbert Humperdincken ikasle gisa, eta 5 urtez (1914an Bilbora itzuli zen I. Mundu Gerraren ondorioz) kultura eta tradizio musikal alemaniar osoaz blaitu zen, besteak beste, bere poema sinfonikoak, 1. laukotea eta 14 Lieder Op. 16 zikloa konposatuz.
Oraingo honetan Lieder Op. 16, ahots eta pianorako 14 konposizioko zikloa, lehen aldiz Getxon entzuteko aukera izango dugu Vanessa Goikoetxea sopranoaren eta Rubén Fernández Aguirre pianistaren interpretazioan. Andrés Isasik alemanez idatzitako ahots eta pianorako konposaketa bakarrak dira, Heinrich Heine poetaren testuetan oinarritutako letrekin, genero hori gailurrera eraman zuten konpositore erromantikoen egile kutunenetako bat. Alemaniatik itzuli zenean, Andrés Isasi Algortan jarri zen bizitzen, Itxaso Alde Jauregi-etxean, eta 1940ko amaierara arte egon zen han.
Javier de Solaun tenor getxotarrak 1980ko hamarkadan erreskatatutako bere obra musikala gaur egun Getxoko Andrés Isasi Musika Eskolako ondare eta musika artxiboetan dago eskuragarri.
Sarrera 5€
Saltokiak: