Turismo, Getxo artea eta kultura, Getxo Beste ekitaldi batzuk
Data: 2023/10/1 - 2023/10/31
Ordutegia: Egitaraua koltsultatu
Tokia: Algorta, Las Arenas, Romo, Andra Mari
Kultur ondareak eremu ugaria eta askotarikoa du bere baitan, ondare artistikoa, arkitektonikoa, arkeologikoa edo industriala baino askoz gehiago baita. Izan ere, 2003an, Unescok aurrerapauso itzela eman zuen ondare immaterialaren garrantzia aintzat hartu zuenean Kultur Ondare Immateriala Babesteko Hitzarmenaren eskutik, kultur ondarearen definizioan kontzeptu hauek sartuta: “komunitateek onartzen dituzten usadioak, irudikapenak, esamoldeak, ezagutzak eta antzeak, bai eta haiei datxezkien tresnak, objektuak eta kultur espazioak ere, beren kultur ondaretzat hartzen dituztenak”.
Definizio horretan, halaber, komunitateek kultur ondare immaterial hori, belaunaldiz belaunaldi helerazia, etengabe birsortu behar dutela adierazi da.
Bizkaian badaukagu gure kultur ondarearen adierazpen kultural baliotsu ugari, eta Jardunaldiotan aukera ederra izango dugu haiek erakutsi, birsortu eta gozatzeko.
“Ondarea bizirik” lelopean Bizkaian egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldiek herriaren jakintzak, sinesmenak eta ohiturak izango dituzte xede nagusi, baita ahozko tradizioa, jaiak, sukaldaritzako antzeak, errituak, ogibideak, trebezia eta artisautza tradizionalak, dantzak, musika eta jokoak ere. Ondare preziatua, bizirik dagoena, etorkizunerako zaindu behar duguna. Aukera izango dugu tailer, bisitaldi gidatu, ibilbide, dastatze, bertso-saio, mintzaldi, erakusketa edo erakustaldietan parte hartzeko lurraldean barrena, urrian zehar.
Ez dugu ahaztu behar gizakioi funtsezko zeregina dagokigula ondarearen eramaile eta sortzaile gisa, guztiok arduratzen baikara ondarea zaintzeaz eta egungo garaiotara eguneratzeaz. Horrela, ondarea geroko belaunaldiei jakinaraztea bermatzen da, eta lotura aparta eta beharrezkoa sortzen da iraganaren, orainaren eta etorkizunaren artean, herrien zerizan eta nortasuna dena.
Jardunaldiek, halaber, desagertzear dauden adierazpen eta baliabideez gogoeta egitera bultzatu behar gaituzte; hortaz, pertsona guztiak animatzen ditugu ondarearen jaia ospatzera, horretan parte hartzera eta gurea den eta ezinbestez zaindu eta babestu behar dugun ondareaz gozatzera.
Ondarea bizirik!
Ondarearen Europako Jardunaldiak Bizkaian