Berriak

Inaugurazioa

2018/07/11

Igogailu panoramikoa eta Genaratxuko oinezkoen pasealeku berriztua inauguratu dira

Ekipamendu berriarekin urrats handi bat egiten da gune honetan irisgarritasuna hobetzeko

Portu Zaharreko igogailu panoramikoa inauguratu eta ireki da gaur goizean, Genaratxuko oinezkon pasealeku berrituarekin batera. Inaugurazio ekitaldian, Imanol Landa alkatea eta alderdi politikoetako, auzotarren eta Fekoor-eko (Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea) ordezkariak izan dira. Alkatearen hitzen ondoren, eta Portu Zaharreko auzo elkartekoek antolatuta, ekipamendu publiko berria bedeinkatu du Jovaisa Herran Garcés parrokoak eta Biotz Alai abesbatzak bere errepertorioko abesti pare bat kantatu du.

Imanol Landa, Getxoko alkatea den aldetik, pozik agertu da gaurko ekitaldi honengatik, getxotar guztientzat oso ezaguna ez ezik, hain maitagarria den ingurunean egin dena. “Eta poztu egiten nau Portuko auzotarren nahien isla delako, bertoko Elkartearen aspaldiko aldarrikapena zelako; eta hiritarren iritziaren ondorioa ere bada -Partaidetza bidezko Aurrekontuen emaitza den proiektua delako-, baita, beren egunerokotasunean, irisgarritasunari lotutako trabak aurkitu eta hesi horiek gainditzeko lanean diharduten pertsonena ere”, esan du Landak.
Ekitaldian izan diren auzotarrak ere, beren aldetik, pozik agertu dira Getxoko toki esanguratsu honetan beren eskaeretako bat bete egin delako.

Alkatearen hitzetan, auzoan bizi diren pertsonentzat zein auzoa bisitatzen dutenentzat irisgarritasuna hobetzeko urrats handia izateaz gainera, aldi berean, Algortako goi eta beheko aldeak lotzeko bide berria ere bada. Ildo horri eutsi dio aspaldidanik Udalak, igogailu berri hau gehitzen baitzaie Ereagan, Villamonten, Aiboan eta Alangon daudenei (Alangoren kasuan laugarren igogailua egiten ari da) eta Salsidu eta Bidezabalgo eskailera mekanikoei. “Bide horretatik jarraituko dugu, zalantzarik gabe, etorkizunean ere”, aurreratu du alkateak.

Igogailu berriak auzoko irisgarritasuna hobetzen du 15 bat metroko altuera duen desnibela gainditzen baitu. Bertan 16 lagun sartu ahal dira batera.

Igogailu berria, printzipioz, 07:00etatik 24:00etara ibiliko da, dohainik.

Ekipamendu berri honen goiko aldea zuzenean lotzen da Genaratxuren eta Usategiko parkearen artean dagoen oinezkoen pasealekuarekin, “bidexka naturala, hobetu eta irisgarriagoa egin nahi izan duguna, bertatik ibiliko direnen gozamenerako eta euren ongizate handiago baten alde”, aipatu du amaitzeko Landak.

Azken jarduketa hori ere “Algortako Portu Zaharrean irisgarritasuna baliabide mekanikoz hobetzeko Proiektua”-n sartuta zegoen. Proiektuak 700.000 euroko gastua ekarri du, eta horietatik 190.000 Eusko Jaurlaritzak eman ditu, irisgarritasuna hobetzeko diru-laguntza gisa.

Laster, lan berriak lizitatuko dira Genaratxun egoteko dauden guneak birgaitzeko, eremu horren estetika bereziari eutsiz. Beheko aldean, zabalguneko sarreraren eta igogailuaren parera arteko zatia berriz asfaltatuko da eta igogailuaren aurrean oinezkoen pasabide bat ipiniko da.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +