Eskubideak eta betebeharrak

Getxoko Jesusen Bihotzaren Egoitzako erabiltzaileek dituzten eskubideen eta betebeharren agiria

 

Eusko Jaurlaritzaren apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuan jasotzen dira, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen erabiltzaileek dituzten eskubideen eta betebeharren agiria eta, bestetik, iradokizun eta kexen araubidea. Horren aplikazio-eremuan titulartasun publikoko gizarte zerbitzuak sartzen dira. Jarraian zehazten den agiria, dena den, zentroaren eskubide eta betebeharrak jasotzen dituen aipatu dekretuaren laburpen bat baino ez da.

ESKUBIDEAK

Zentroko erabiltzaileek eskubide hauek izango dituzte:

  1. Bere duintasuna errespetatzeko eskubidea. Erabiltzaileak ezin dira sexuaren, arrazaren, erlijioaren, ideologiaren edo bestelako egoera pertsonal nahiz sozialaren zioz baztertu.
  2. Ezberdina izateko eskubidea. Egoitzak erabiltzailearen ezaugarri bereziak kontuan hartu behar ditu eta bere beharrizanei arreta eman behar die, ahalik eta errespetu, zuzentasun eta ulertze handienarekin.
  3. Pribatutasuna eta intimitatea izateko eskubidea.
  4. Bere datu pertsonalak isilean gordetzeko eskubidea, indarreko legerian ezarritakoa betez.
  5. Arreta osoa, etengabea eta pertsonalizatua jasotzeko eskubidea, erabilgarri dauden baliabideak modu egokian kudeatuz betiere. Horretarako, erabiltzailearen beharrizanak balioztatuko dira eta erabiltzaileen eta horiei egunero laguntzen dieten zaintzaileen parte hartzea hartuko da aintzat. Beharrizan horien arabera arreta emateko banako plana egingo da.
  6. Zentroan duen egoerari buruz, ahoz eta idatziz, informazio ulergarria, osotua eta iraunkorra jasotzeko eskubidea. Erabiltzaileak ezin badu berez informazio hori jaso, bere legezko arduradunei emango zaio.
  7. Bizigarritasun, higiene, elikadura eta segurtasun baldintza onargarriak izateko eskubidea.
  8. Autonomia izateko eskubidea, hau da, bere kabuz jardun eta pentsatzeko eta aurrez kalkulatutako arrisku batzuk bere gain hartzeko eskubidea.
  9. Egoitzan egotearen ondorioz bere harreman sozial eta pertsonaletan ahalik eta eragin txikiena izateko eskubidea. Horren barruan, familia eta inguruarekiko harremanean lagunduko zaio (bisiten erregimen ahalik eta zabalena emango zaio); komunikabideak, kultur baliabideak, komunikatzeko sistemak eta kultur sistemak eskura izango ditu; eta gizarte-harremanak eta aisialdiko entretenimendua hobetzeko jardueretan parte hartu ahal izango du.
  10. Zuzenean nahiz ordezkarien bitartez, zentroen antolaketan eta funtzionamenduan parte hartzeko eskubidea, eta erreklamazioak, kexak eta iradokizunak egiteko ohiko bideak zein diren jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. Era berean, erantzuna jasotzeko eskubidea dute. Eskubide hau erabiltzaileen senideek eta legezko ordezkariek ere badute.
  11. Kalitatezko zerbitzuak izateko eta horiek behar bezala funtzionatzeko eskubidea.
  12. Zerbitzuen erabilera eteteko edo nahi izanez gero zentrotik irteteko eskubidea.
  13. Bere eskubideak zein diren jakiteko eta horiek defendatzeko eskubidea, bere kabuz edo idazki baten bidez horiek defendatuko dituen konfiantzazko pertsona bat izendatuz. Betiere, GUFEk zainduko du hemen azaltzen diren eskubide guztiak errespetatu eta behar bezala betetzen direla.

 

BETEBEHARRAK

Erabiltzaileek, horien senideek edo legezko ordezkariek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Zentroan ezarritako arauak eta jarraibideak zein diren jakin eta betetzea.
  2. Zentroko bizikidetza-arauak errespetatzea.
  3. Zentroko langileak, erabiltzaileak eta horien laguntzaileak ahalik eta errespetu handienaz tratatzea.
  4. Instalazioak zaintzea, behar bezala erabiltzea eta zentroa bizitzeko modu egokian mantentzen laguntzea.
  5. Beharrezko informazioa, egiazkoa, ematea zein beharrizan dituen balioztatzeko eta, hala dagokionean, behar duen arretarako banako plana egiteko.
  6. Berari arreta emateko banako plana garatzen laguntzea.
  7. Zerbitzu bat emateko ezarri edo adostu diren egunak eta orduak errespetatzea eta, behar izanez gero, aurretiaz ohartarazi beharko du egun horretan ezin dela agertu. Horrela, zerbitzuari ez zaio kalterik egingo.
  8. Zerbitzuen eta tasen zenbatekoa dagokionean ordaintzea, indarreko arautegia betez.
Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +