Berriak

Gimnasia

2014/12/12

Jesusen Bihotza udal zahar-egoitzak mendekotasun-maila desberdinak dituzten pertsonentzako gimnasia-programa antolatu du

Berrogei egoiliar ari dira saioetan, haien egoera fisikoa eta emozionala mantentzeko eta hobetzeko

Gimnasiora bidean doazen gurpildun aulkien zalapartak kontrastatu egiten du Jesusen Bihotzaren Udal Zahar-egoitzako egongela handian egunkaria irakurtzen edo telebista ikusten ari direnen lasaitasunarekin. Jaione Arretxe erizaintza zerbitzuko arduraduna kontu-kontari ari da hitz egiten gurpildun aulkian dauden pertsonentzako gimnasia saioko irakaslearen zain dagoen emakume talde batekin. “Jarduera fisikoen programa hau mendekotasun-maila desberdinak dituzten pertsonei zuzenduta dago eta laurogei urtetik gorako berrogei egoiliarren bizi-kalitatea hobetzen ari da. Programa pilotu horrek motibatu egiten ditu beraiek zein beraien zaintzaileak; izan ere, hasieratik ikusi dugu harreman sozialetan laguntzen diela, estimulu berriak eskaintzen dizkiela eta beraien egoera fisikoa eta mentala hobetzen duela”, azaldu du Arretxek.

Proiektua sortu zen Siel Bleu elkarteak egoitzari egindako proposamenaren ondorioz; elkarte horrek, 1997. urteaz geroztik, herrialde anitzetan hedatzen dihardu adineko pertsonen osasun eta kirol arloko beharretan espezializatutako metodologia. Getxo 2014ko Europako Kirol Hiria izendatu izanagatik proiektua Getxo Kirolak-ek diseinatutako programaren barruan sartu zen. Eta, programa horri esker lortu du, duela aste gutxi, Europako Kirolaren Hiri Onenaren saria.

24 saioko hasierako plana amaitzear dago eta, Arkaitz Alluak, Siel Bleu elkartearen Euskadiko arduradunak, azaldu du oso positiboa izan dela Getxoko egoitzan egindako lana: “Hainbat talde antolatu ditugu: arazo kognitiboak dituzten eta era horretako arazorik ez duten gurpildun aulkian dauden pertsonentzako gimnasia; mahaiaren inguruan antolatutako gimnasia mendekotasuna duten pertsonentzat; eta, azkenik, Alzheimer gaixotasuna duten hamaika egoiliarrentzako ikastaroa. Kasu guztietan, lau adierazleren arabera ebaluatu dira emaitzak: parte-hartzea, ongizatea, inplikazioa eta autonomia. Oso ona izan da esperientzia”.

Hemen ez dago lekurik azken belaunaldiko arropentzat eta telebistan edo gimnasioetan ikusten diren gorputz atletikoentzat. Helburua bestelakoa da. Isabel Olabarri egoitzako kudeatzaileak gogoratu du “jarduera fisikoaren onurak hainbat alderditan islatzen” direla; “hala nola, janzteko behar den koordinazioa hobetzen da edo mahai tresnei eutsi ahal izateko besoetako indarra lantzen da. Taldean dagoen giroa eta saioak amaitu ondorengo zoriontasun-aurpegiak ikusita, ez dago inolako zalantzarik; beraz, gure asmoa da egoitzan zerbitzu horrekin jarraitzea”.
Irakaslea iritsi orduko, kolore guztietako gimnasiako elementuz bete da aretoa. Lehenik eta behin, lortu behar da ezkerreko besoa uztai txiki batetik pasatzea; ondoren, gauza bera eskumako besoarekin. Orain, plastikozko pilota txiki bat estutu behar dute, eskuak indartzeko. Saioa amaituko dute petanka partida bat jolastuz, algara artean. Irabazteko grina pikarorik ere nabari zaio baten bati.

Egoitzan bizi direnen batez besteko adina 87 urtekoa da. Belaunaldi horri berandu iritsi zitzaion jarduera fisikoa egitearen onurei buruzko diskurtsoa. Gehienak emakumeak dira eta, beraien kasuan, esfortzu fisikoa beti egon da lanari eta familiaren zaintzari lotuta. Amaitzeko, Jaione Arretxek adierazi du “saioetan ari diren pertsonetatik, inork ez du kirolarekin aurretiazko esperientziarik izan. Horregatik, zirraragarria da eskaini ahal izatea, bizitzaren azken zatian baldin bada ere, beraien burua zaintzeko jarduera bat”.

 

 


Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +