Berriak

Ertzaintza eta Udaltzaingoa

2018/10/09

Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritzeko lankidetza-hitzarmena sinatu da

Getxoko Udalak bat egin du hiriburuekin eta Imanol Landa alkateak Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua den Estefanía Beltránekin sinatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Udalaren arteko lankidetzari buruzko esparru-hitzarmena, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritu daitezen.

Aipatutako hitzarmenaren arabera, euskal polizia-eredua honako hauek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen EAEko poliziak (Ertzaintzak) eta euskal udalerrien menpe dauden Udaltzaingoak. Hala, aintzat hartuta elkargo bakoitzari esleitutako zereginak eta partekatzen dituztenak, interrelazio- nahiz lankidetza-mekanismoak bilatu behar dira derrigorrez, eredu koherentea lortze aldera.

Hitzarmenaren helburua Ertzaintzaren eta Getxoko Udaltzaingoaren arteko polizia-lankidetzarako moduak eta prozedurak arautzea da; hori guztia udalerrian eskuragarri dauden polizia-baliabideak optimizatzeko eta herritarren segurtasun publikoaren premiei zerbitzu hobea eskaintzeko.

Esparru-hitzarmenean zerbitzuak mugatu dira; dispositiboak, eragiketak eta gorabeherak ezarri dira; eta baterako jarduketarako protokoloak zein planak adierazi dira (horietako batzuk gaur egun gauzatzen dira).

Halaber, honako hauek ezarri dira: polizien presentziari buruzko arau orokorrak; informazio-trukea (jada egiten da); agintaritza- eta kontrol-zentroen arteko komunikazioa eta integrazioa (baterako kanalak eta maiztasunak erabiliz); eta Udaltzaingoaren parte hartzea polizia judizialaren lanetan.

Laster, hizpide dugun esparru-hitzarmen berria aplikatuz, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko Jarduketa Protokolo berria sinatuko da; bertan xehetasun gehiagorekin adieraziko dira jarduketa-gaiak eta horietako bakoitzaren esleipena, elkargo bietako batek lehentasunez egin ditzan lanak, edo bietako edozeinek. Aipatutako protokoloa Ertzaintzako zein Getxoko Udaltzaingoko polizia-etxeko buruek sinatuko dute.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +