Berriak

Ingurumeneko Eskolako Udal Foroan

2018/05/18

Getxoko 40 ikasle inguru batu dira Ingurumeneko Eskolako Udal Foroan

Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten Getxoko ikastetxeak bildu ziren atzo ostegunean, hilak 17, udalerriko Ingurumenari buruzko jardunaldi batean. Batzarra udaletxean egin zen goizean eta bertan 40 bat ikaslek hartu zuten parte; Imanol Landa alkatearekin eta José Luis Landa Ingurumen zinegotziarekin bildu ziren, ikastetxeetan Geobiodibertsitatearen inguruan egindako lana azaltzeko.

Halaber, ikasleek, gai horren inguruan udalerria hobetzeko prestatu dituzten proposamenen berri eman zuten. Udalari proposatu zioten, besteak beste,  kostaldeko pasealekuan paperontzi bereziak jartzea, haizeak zaborra zabaltzea galarazteko; ibaiak eta naturguneak garbitzeko kanpainak egitea; eta panpa lezka –espezie inbaditzailea- kendu eta bere ordez espezie autoktonoak landatzea. Era berean, konpromiso batzuk ere hartu zituzten ikasleek, ingurumena zaindu eta babesteko. Esate baterako, boluntariotza kanpainetan parte hartzeko gune jakin batzuk garbitzeko; animaliak eta landareak haien habitetan ez molestatzea; eta agintariei abisatzeko liztor asiarraren habia ikusten dutenean.

Udalak, bestalde, pasa den ikasturtean egindako proposamenei erantzuna eman zien.

Eskolako Agenda 21 Ingurumen Hezkuntza programa bat da, eta haren xede nagusia ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da. Proiektua burutzen duten ikastetxeek, urtero gai berri bat jorratzen dute, eta ikasturte honetan Getxoko ikastetxeek Getxoko Geobiodibertsitatea aztertu dute. Udalerrian parte hartzen duten zentroak, honako hauek dira: Geroa ikastola, Juan Bautista Zabala, Larrañazubi, Romo, San Ignacio, Zubileta, Azkorri, Nuestra Señora de Europa, San Nikolas ikastola, Santísima Trinidad, Aixerrota eta Julio Caro Baroja.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +