Berriak

Getxon katuen koloniak

2018/03/07

Getxon katuen koloniak kontrolik gabe ugaritzea saihesteko programa abiatuko du Udalak


 

Udalak kaleko katuak hartu, antzutu eta udalerriko beren jatorrizko koloniara bueltatzeko Programa abiatu du. “Kaleko katua naiz baina ez naiz arriskutsua” goiburupean, programa honen bidez koloniak kontrolik gabe ugaritzea eta auzokideen arteko gatazkak sortzea saihestu nahi da, baita animalia horien bizi-kalitatea hobetu ere, Imanol Landa alkateak eta José Luis Landa Ingurumen zinegotziak gaur eskainitako prentsaurrekoan nabarmendu dutenez. Programaren euskarri nagusia informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat da: folietoak banatuko dira postontzien bitartez eta kartel eta seinaleak ipiniko dira interesgarriak diren hainbat puntutan.

Jakina da kaleko katuak egon badaudela, baina, gainera, oso erraz ugaltzen direnez, kaleko katu kolonia ugari sortzen dira hiriguneetan, eta horrek eragozpenak sortzen ditu. Katu talde edo kolonia guztiak, batetik bestera ibiltzen badira ere, jabego pribatuetako lorategi, parke edo ortuetan kokatu ohi dira –kolonia batzuk eta hiri barruan dauden talde txikiagoak Gobela ibaiaren inguruetan, Santa Ana auzoan etab. daude kokatuta-.

Zenbaitetan, Udalak hainbat ekimen sustatu eta lagundu ditu, diruz eta antolaketan parte hartuz, kolonia horiek kontrolatzeko udalerriko toki batzuetan, hala nola, Kirol Portuan, Golf Zaharrean eta Bidebarrietan.

Ingurumen zinegotziak, José Luis Landak, bere aldetik, programaren abantailak azpimarratu ditu: kontrolik gabeko ugaritzea saihesten da; ehizatzen jarraituko dute, beraz, ez da animalia karraskaririk egongo; ez dute beren eremua markatuko, ez dira zeloan egongo; eta antzutzearen ondorioz, antzutu gabeko katuen ezaugarri diren marrakak eta borrokak murriztuko dira eta herritarren arteko elkarbizitza baketsuagoa izango da. “Katuak atsegin badituzu, programa honen bidez, beren bizi-kalitatea hobetu egingo da, errolda bat egongo da, antzutu egingo dira eta parasitoak kenduko zaizkie. Ez badituzu atsegin, programa honen bidez, kontrolatu gabeko katu koloniek eragiten dituzten eragozpenak murriztuko dira, hala nola eremua markatzea, zikinkeria, zaratak, borrokak eta umealdiak”, argitu du zinegotziak. Horrek ere, auzotar batzuen eskuzabaltasuna eskertu nahi izan du, animalia horiek zaintzeagatik.

Udalak bere laguntza eskaintzen die katu koloniaren bat duten komunitateei. Horretarako, informazioa eska dezakete 94 466 01 91 telefonoan edo ingurugiroa@getxo.eus posta elektronikoan. Halaber, interesa duten guztientzat, programari buruzko informazio karpa bat egongo da martxoaren 17an, larunbata, Areetako Geltokia plazan.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +