Berriak

Getxoko parke eta lorategi publikoak

2018/02/06

Getxoko parke eta lorategi publikoak kontserbatzeko eta zaintzeko Zerbitzuak ingurumenaren etengabeko hobekuntzan eragingo du

errotonda

Gobernu Batzordeak Getxoko parke eta lorategi-zona publikoak kontserbatzeko eta mantentzeko zerbitzua esleitu du bi urtez –segidako bi aldiz luzatu daitekeena, aldi bakoitza urtebeteko iraupenekoa-, 2,6 milioi inguruko urteko zenbatekoarekin. Zerbitzu berrian 40 profesional inguru arituko dira lanean, eskarmentu handikoak eta udalerria aski ondo ezagutzen dutenak; horien ardura izango da, batez ere, honako toki hauek zaindu eta kontserbatzea: parke eta lorategiak, jardinerak, arbola-lerrak, lore- eta zuhaixka-parterreak, errotonda, mehelin eta oinezkoen babesguneak, estratak, Bolueko Hezeguna, udalaren orube eta lursailak eta herri ikastetxeetako berdeguneak.

Zerbitzuaren helburuak

Kontratu berriaren adjudikazioarekin, “zerbitzu egoki bat bermatu nahi da, kalitate- eta apaindura-estandarrei eutsiz, eta ingurunearen etengabeko hobekuntzan eraginda; izan ere, zerbitzuak hiritarrei zuzendutako informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak barne hartuko ditu, eta hobekuntza erreal, praktiko, garden eta jasangarri batera dago bideratuta”, Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak adierazi duenez.

Hiru dira ezarritako helburuak: zerbitzuak emateko jarriko diren baliabide guztien optimizazioa; hiritarren bizitza-kalitatearen hobetzea, emandako zerbitzuaren kalitatea hobetuz eta hiritarrekiko inpaktu negatiboa gutxituz; eta teknologia berriak eta antolakuntzan aldaketak sartzea, ingurumenean eragin ona izango dutenak. Zentzu horretan, aipatzekoa da zerbitzua eskainiko duten ibilgailuen %21 propultsio gabekoa dela (atoiak dira) eta beste %21 elektrikoak dira, eta, ondorioz, ingurumenean eragin zuzena izango dute, mesedegarria izango dira harentzat: gas-isuriak eta zarata-egiteak asko gutxituko dira eta energia ere aurreztuko da, erregai fosilen kontsumoa eliminatzen baita.

Zerbitzuaren eremua

Getxok balio handiko zuhaitz-ondarea dauka: tamaina handiko zuhaitzak dira, ederrak eta apaindura-balio handikoak; 15.000 zuhaitz inguru dira hainbat espezietakoak (bananondoak, ezkiak, arteak, astigarrak, akaziak, urkiak, zipresak, eukaliptoak…), bertako paisaia osatzen dutenak, arbola zaintzeko eta errespetatzeko tradizioak moldatutakoa. Zuhaitzen erdia baino zertxobait gehiago bide-zuhaitzak bezala daude katalogatuta –horiek mantentzeko sarri inausi behar dira, beren espeziearentzat egokiak diren inausteak-; beste erdia berdegunetan dauden zuhaitzak dira. %90 batek 4 eta 8 metro bitarteko garaiera du eta 352 ale 8 metrotik gorakoak dira. Hain zuzen ere, zerbitzuaren lurralde-eremuak 243 berdegune hartzen ditu (parkeak, plazak, lorategiak, errotonda/mehelin/oinezkoen babesguneak, Hezegunea, baso-guneak…), guztira 553.901 m2ko azalera duen eremua. 39 estrata daude, guztien artean 22.598 metro linealeko azalera egiten dutenak eta Bolueko Hezegunea 10 hektarea inguruko eremua da, ingurune berezia da, Euskadiko kostaldeko gainontzeko hezeguneak ez bezala, ur geza baitago bertan, eta ez gazia.

2017ko azken lanak

2017ko 4. hiruhilekoaren barruan egindako lanei dagokienez, azpimarratzekoa da Sarrikobaso kaleko -Piñaga, Redentor eta Kasuneko elkargunean- errotondaren estetika hobetzeko lanak amaitu direla; baita kale horretako oinezkoen babesgunekoak ere –Illeta pareko bidegurutzean-. Halaber, 13 jardinera berritu dira Algortako erdiguneko oinezkoen esparruan, Santa Eugenia plazatik berreskuratu direnak, Romo Kultur Etxeko (RKE) ingurunea berriz urbanizatzeko lanak direla eta kendu ondoren. Horri guztiari gehitu behar zaizkio beste jarduera batzuk: lerro-zuhaitzetako 1.720 txorko eta Aixerrotako landetan desnibelak hobetzeko lanak. Halaber, 4.710 lore (wing dragoi, begonia misto, zaingorri, koleo, hauts-belar…) landatu dira parterre eta jardineratan, non 1.550 zotazal (soropil zatiak) ere jarri diren.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +