Berriak

Jarduerak katuen kolonietan

2017/07/06

Animaliak Edukitzea eta Babestea arautzen duen Udal Ordenantzaren 10.4. artikuluan honako hau ezarrita dago: Jabeek baimenduta beren barnean katuen koloniak zaintzen dituzten jabeen erkidegoek udalaren laguntza eta bitartekoak jaso ahalko dituzte, aldez aurretik eskatuta.Kolonia horiek animalien elkargune kontrolatuak izango dira, pertsona fisiko edo juridikoen espazio pribatuetan ezarritakoak. Animaliak behar bezala esterilizatuta, identifikatuta eta osasun-mailan kontrolatuta egongo dira eta pertsona fisiko edo juridiko horiek izango dira kolonien legezko arduradunak.

Ordenantza horri jarraikiz, udalak, gaur-gaurkoz, ondoren zerrendatutako katuen kolonien inguruko ekimen eta esperientzietan lagundu du –ekonomikoki zein antolaketan–, zeinek HAA metodoa (Harrapatu, Antzutu, Askatu) darabilten:

  • 2007. urtean: PROVIDA ANIMAL elkartearekin elkarlanean aritu zen, eta, 2785/2007 Dekretuaren bidez, aparteko diru-laguntza eman zion APROVA elkarteari, katuen kolonia kontrolatua sortzeko proiektu baterako. Halaber, 6.810 € bideratu zituen Kirol Portuko kale-katuak antzutu eta kontrolatzera.
  • 2009. urtean: Golf Zaharreko 2-40 zenbakiei (bikoitiak) laguntzen hasi zen. 2012ko ekainera arte eman zien laguntza, orduan Golf Zaharreko II. faseko presidenteak alegatu baitzuen jabeen erkidegoak ez zuela katuen kolonia hura onetsi.
  • 2016. urtean: Esku hartu zuen Bidebarrieta kaleko 10. zenbakian (Areetako anbulatorioan) gertatutako arkakuso-agerraldian, eta osasun-zentroko arduradun zein eskualdeko agintariekin erabaki zuen HAA metodoa (Harrapatu, Antzutu, Askatu) aplikatzea.

Azken hilabeteotan, herritarren hainbat dei eta jakinarazpen jaso dira, ohartarazteko beren etxebizitzen inguruetan eta erkidego batzuetako lorategietan katakumeak ikusi dituztela. Kezkatuta daude katuen egoeragatik.

Era berean, beste herritar batzuek dei egin dute animalien horien agertzeagatik kexatzeko (horrelako deiak ugariagoak izan dira), sortzen dituzten eragozpenak direla eta: miauak, txiza-usaina, zikinkeria, gaixotasunak kutsatzeko arriskua eta abar.

Getxoko Udalak titulartasun publikoko lursail gutxi dauzka. Gainera, gehienak herriguneko parkeak eta lorategiak dira, horietako asko haur-jolasekin; beraz, ezinezkoa da horietan katuen koloniarik sortzea.

Izan ere, ia katuen talde edo kolonia guztiak, leku batetik bestera mugitzen badira ere, titulartasun pribatuko lorategi, parke eta ortuetan ezarri ohi dira, motu proprio.

Hori dela eta, ohikoan, Udalak laguntza eskaintzen die katuak ezarri diren jabeen erkidegoei, koloniak sor ditzaten animalia desparasitatu, antzutu, identifikatu, kontrolatu eta osasuntsuekin.

Jakina, aukera hori gauzatzeko, beharrezkoa da programarekiko atxikipen nahikoak biltzea; hau da, erkidegoko bizilagun gehienak proposamenarekin bat etortzea.

Bestalde, maiatzeko osoko bilkuran, udal-gobernua osatzen duten talde guztiek AHO BATEZ onetsi zuten hizpide dugun gaiari buruzko mozio bat. Besteak beste, honako hau erabaki zuten: “… osasungarritasun publikoaren alorrean egiten den bezala, udaren ostean, katuen koloniei buruzko sentsibilizazio- eta informazio-kanpaina zehatza egingo da”.

Animaliak hiltzea Kode Penalean agertzen den delitua da, 6 eta 18 hilabete arteko espetxe zigorrarekin 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +