Berriak

Galeako txilardi atlantikoak

2017/06/15

Galeako txilardi atlantikoak berreskuratzeko proiektuari esker hainbat txori espezie itzuli dira, ugaltzeko

 

Galean txilardi atlantikoak berreskuratzeko Udala egiten ari den proiektuak itzultzeko aukera eman die hainbat txori espeziei; urteak dira txori horiek ez zirela ikusten txilardiaren ekosistema kokatzen den esparru horretan. Izan ere, hesiekin itxitako babes-eremuaren barruan dagoen lasaitasuna berehala baliatuz, hainbat hegazti espezie ugaltzen hasi dira (udaberrian egin diren jarraipen-lanetan detektatu ahal izan denez); espezie horiek aspaldi ez ziren ikusten inguruetatik. Espezie horien artean daude, besteak beste, txirriskila arrunta, pitxartxar burubeltz, kardantxilo, zozoa, hesi-berdantza, sasi-txori arrunta, txinbo kaskabelltza, txinbo burubeltza eta txepetxa. Horiek ez ezik, duela urte batzuk inguru horretan habia egiten zuen belatz gorriaren bikote batek ere esparrua kolonizatu du berriro, habia prestatzerakoan eta, ondoren, txitak berotzerakoan ez baitu enbarazurik izan. Hortaz, hegazti-fauna adierazlearen jarraipenak, berreskuratze proiektuaren lehen fasearen ondoren ingurumen teknikariek egindakoak, emaitza pozgarriak ematen ari dira hegazti horien lehenengo ugaltze-aldi batean.

Txilardi atlantikoaren ekosistemak lehentasuna dauka Europan zaindu eta berreskuratzeko, gure Lurralde Historikoan asko eskastu edo oso hondatuta dagoelako, gizakien eraginagatik eta higadura-prozesuengatik. Hori dela eta, Getxoko Udalak, Lurgaia Fundazioarekin lankidetzan, plan pilotu bat abiatu zuen iragan udazkenean, Azkorri-Gorrondatxe hondartzaren eta Galeako Lurmuturraren artean dagoen kostako txilardien ekosistema hobetu eta babesteko. Egitasmo horren barruan, bi eremu itxi ziren modu esperimentalean, gizakien mugimenduaren eraginez ekosistema hondatzen ari zen bi eremutan. Bata Azkorriko aparkalekuaren ondoan dago, biribila eta 350 bat metroko perimetroduna; eta bestea, Alpenarri puntaren inguruan, Tunel Bokako senadiaren alboan, 800m-ko itxitura linealduna. Bietan esklusio-eremu bana mugarritu zen higatutako espazioak indartzeko, txilar landareak (Erica vagans) landatuz, eta landarediak espazio horiek era naturalean birkoloniza zitzan.

“Udalerriak nagusiki hiri-izatasuna badu ere, interes handiko espazio edo esparru naturalak ere badauzka, eta Udalak ahalegina egiten du horiek babesteko; Galea eta Azkorri ez ezik, Bolueko hezegunea eta Gobela ibaiko ingurune osoa ere garrantzitsuak dira helburu hartarako. Ingurune hauek kontserbatu eta zaintzeko gure aurrekontuaren zati handi bat bideratzen dugu”, aipatu du José Luis Landa Ingurumen zinegotziak.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +