Hiri ingurunea

hiri ingurunea

Getxoko hirigunearen ezaugarri nagusietako bat da berdeguneen azalera nahiko zabala duela. Horietako batzuek, gainera, zuhaitz zaharrak, zuhaixka gune heterogeneoak eta horma zaharrak dituzte. Horrek ahalbidetzen du biodibertsitatea finkatzea eta hori ikusi ahal izatea. Gainera, urbanizazio zaharrak eta zuhaitz handiak egoteak ahalbidetzen du hiriguneetara hobeto egokitzen diren fauna espezieak izaera eta beharrizan "basatiagoak" dituztenekin nahastea.

Lehenengoen artean nabarmentzekoak dira gizakiak egindako eraikuntzetan habiak egiteko segurtasuna eta erraztasuna aurkitzen dutenak, eta horietan balizko harrapari gutxiago izaten dituztenak. Espezie horietako askok giza hondakinak aprobetxatzen dituzte eta etekina ateratzen diete. Giza inguruneari estu lotuta dauden erlatiboki erraz ikus daitezkeen espezie horien artean honako hauek daude: etxe-txolarrea (Passer domestikus), arabazozo pikarta (Sturmus vulgaris), zozoa (Turdus merula), enara azpizuria (Delichon urbicum), etxe-sagua (Mus musculus) eta basasagua (Apodemus flavicolis), usapal turkiarra (Streptopelia decaocto) bezalako beste espezie exotiko batzuez edo arratoiez gain.

etxe-txolarre emea 

arabazozo pikart

Hormak eta zuhaixka guneak dituzten lorategiak dituzten eraikin zaharrak zein zuhaitz handiak eta zulodunak egoteak ahalbidetzen du fauna aberastasuna are zabalagoa izatea, ornogabeetatik hasita. Hala, beste espezie batzuek ere (kantitate txikiagoan bada ere) babesleku horiek aprobetxatzen dituztela eta hiriguneko baliabideak aprobetxatzeko gai direla ikus daiteke. Hegaztien artean honako hauek aurkitzen dira: birigarro arrunta (Turdus philomelos), kaskabeltz handia (Parus major), buztanikara zuria (Motacilla alba), buztangorri iluna (Phoenicurus ochruros), sorbeltza (Apus apus) eta zenbait harrapari; esate baterako, hontz zuria (Tyto alba), apo-hontz europarra (Otus scops) eta belatza bera (Falco tinnunculus). Ugaztunak bezalako beste fauna talde batzuei dagokienez, mikrougaztunez eta kiropteroez gain, honako hauek daude inbentarioan: erbinudea (Mustela nivalis) eta lepazuria (Martes foina). Anfibio eta narrastiei dagokienez, aldiz, honako hauek daude: txantxiku arrunta (Alytes obstetricans), suge biperakara (Natrix maura) eta sugandilak (Podarcis sp.). Duela gutxi zenbait dragoitxo arrunt (Tarentola mauritanica) antzeman dira Portu Zaharrean. Espezie hori autoktonoa da gure udalerrian.

Getxoko hiriguneko azpimarratzeko beste alderdi bat da askotariko habitat naturaletatik gertu dagoela. Berdegune berezi horiez gain, bisitatzen dugun gunearen arabera, honako toki hauetan egon gaitezke udalerrian: itsasoaren edo itsaslabarren ondoan, erreka edo hezegune baten ondoan, edo habitat landazabal baten ondoan (bere landekin, zuhaiztiekin, baratzekin, zuhaixkekin eta abar). Hala, landaretza naturala, sarritan parke eta lorategietan jarritako apaintzeko landareei laguntzen diena, aldatu egiten da ingurunearen arabera. Faunarekin ere gauza bera gertatzen da. Gauzak horrela, Abratik paseatzen badugu, itsasotik gertu hainbat espezie ikus ditzakegu: txenadak, zangaluzeak, txilinportak... Gobela ibaiaren inguruan ibiliz gero, aldiz, errekatxindorraren (Cettia cetti) doinuak izango ditugu lagun eta honako espezie hauek ikusi ahal izango ditugu: basahatea (Anas platyhynchos), uroilo arrunta (Gallinula chloropus), apoarmatu korrontezalea (Mauremys leprosa) eta beste apoarmatu exotikoren bat edo beste.

Aldiz, gure ibilbidea landa eremutik eginez gero, aberastasuna areagotu egingo da, eta askotariko txoritxoak ikusi ahal izango ditugu; adibidez, txioak, txirriskila arruntak, kardantxiloak eta txinboak. Txoritxo horien artean bereizgarriena txatxangorri europarra (Erithacus rubecola) izan daiteke. Mosaiko erako habitat horretan bat egiten dute hiriguneak eta landa guneak; ortuak, zelaiak, zuhaitz eremuak eta baserri zaharrak daude, eta landazabala ere bertan hasten da. Horrek ahalbidetuko digu askotariko flora eta faunaz (ornodunak zein ornogabeak) gozatzea. Hirigunearen muga horietaraino iristen da horren azkarra den azeria edo azeri gorria, trantsizio gune horretako hondakinak eta elikagaiak aprobetxatzen dituena.

 hiri ingurunea

* argazkiak Xabier Buenetxearenak dira.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +