Getxoko inguruneak

Getxo

Getxo Ibaizabal-Nerbioi itsasadarraren bokalean bertan kokatuta dago, eta Abraren badiako eskuineko marjina okupatzen du. 11,89 km2-ko azalera du, eta Kantauri itsasoarekin eta Sopelarekin muga egiten du iparraldean, Abrarekin mendebaldean, itsasadarrarekin eta Leioarekin hegoaldean, eta Berangorekin, Sopelarekin, Erandiorekin eta Leioarekin ekialdean.

Kostaldean itsaslabar malkartsuak eta hareazko nahiz harrizko hondartzak dira nagusi. Itsasadarraren bokaletik gertuen dagoen eremua Abraren portua da. Eremu horren alboko azalera hirigunea da, baina berdegune zabalak ere badaude. Hirigunea barreiatu egiten da itsaso zabalera gerturatu ahala, eta kostaldeko txilardiak, landazabala eta itsas pinuen (Pinus pinaster) pinudiak agertzen dira kanpoaldekko itsaslabarren gainean (Galea) hedatuta.

itsaslabarra

Udalerria zeharkatzen duten ibai ibilgu nagusiak 4 dira: Gobela ibaia eta Kandelu, Bolue zein Kukuiaga errekak. Azken biek osatzen dute Bolue harana izenez ezaguna den gune naturala, eta Gobela ibaiarekin elkartzen den tokian Bolueko hezegunea sortzen da. Haran horrek haltzadi eutrofiko kantauriarren eta baso mistoen komunitate interesgarriak ditu, bai eta hezeguneko bertako landaretza bereizgarria ere: sahastiak, lezkadiak eta beste landare belarkara batzuk.

Bolueko ibarra

1700eko hasieran, garai horretan itsasadarraren bokalean zegoen padura handiko lursailen kolonizazioa hasi zen. Bada, orduz geroztik Getxoko paisaiak aldaketa eta bariazio jarraituak pairatu ditu. Landa eremuek eta espazio naturalek azalera gero eta txikiagoa izatea eragin du horrek. Bizkaiko kostaldeko leku gehienetan bezala, bertan bizi diren hainbat espeziei haien lehentasunezko habitara murriztu zaie pixkanaka, eta gelditzeko geroz eta leku lasai gutxiago aurkitzen dituzte. Ondorioz, inguruneari dagokionez bereziagoak diren taxonak pixkanaka desagertzen ari dira eta, era berean, oportunistagoak eta ubikistagoak diren beste batzuk agertu dira. Azken horiek ez dira horren selektiboak habitatari eta gizakien presentziari dagokionez. Hala ere, Getxoren kokapen geografiko estrategikoari esker, askotariko hegazti espezieak ikus ditzakegu; izan ere, migrazio bidea bertatik igarotzen da. Gainera, Unbeko mendiak horren gertu egoteak ugaztunen joan-etorria ahalbidetzen du.

Cormorán grande

Gaur egun oraindik ere askotariko habitat eta inguruneez goza daiteke, bai eta horietako flora eta fauna aniztasunaz ere. Inguruneen heterogeneotasun handi horrek eragiten du mosaiko erakoa den eta ekotono eremuak dituen paisaia sortzea. Horietako fauna espezie gehienek habitat bat baino gehiago behar dute biziratuteko; hala, landazabalean elikatzen dira, esate baterako, eta habiak itsaslabarretan edo basoetan egiten dituzte, hegaztien kasuan. Hezeguneetako (bai urmaelen, bai Bolueko hezegunearen) bertako fauna da salbuespena; izan ere, horiek aldatzeak fauna desagertzea eragingo luke, eta hori konponezina da.

campiña

Argazkiak Xabier Buenetxearenak dira, lehenengoa izan ezik, Udaletxeko artxibotik hartuta.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +