Esku-hartzea hezkuntza zentroetan

ERALDATZEN programa

2007. urtetik, Berdintasun Zerbitzuak emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko hezkuntza programa bat antolatzen du Getxoko ikastetxeetan, DBHko 3. mailako ikasleei zuzenduta. Orain arte, 6 ikastetxek parte hartu izan dute.

Gizartean zenbait bereizkeria egiten dira gizonen eta emakumeen artean, eta jarrera batzuk behin eta berriro egin eta ezartzen dira, baita gazteen artean ere. Horren eraginez, jarrera sexista, baztertzaile eta oldarkor gero eta gehiago daude, eta emakume gazte gero eta gehiagok jasaten dituzte erasoak bikoteen edo bikote ohien aldetik.

Horregatik, prebentzio-programak DBHko geletan zenbait gai landu nahi ditu, indarkeria hori prebenitzeko. Programa horren barruan hainbat alderdi lantzen dira, hala nola maitasun-ereduak zalantzan jartzea, neska eta mutil moduan nola eraikitzen garen jakitea, indarkeriaren arrazoiak aztertzea, eraso sexistak zer diren identifikatzea eta indarkeria prebenitzen laguntzen diguten trebetasun pertsonal eta sozialak eskuratzea. Jarduera guztiak modu dinamiko eta parte-hartzailean lantzen dira. Gelako esku-hartzeak 6 orduko iraupena du.

 

Berandu ez heltzeko: hezkuntza afektibo-sexualari buruzko programa

Sexu-hezkuntza funtsezko faktorea da pertsonen garapen integralerako. Gure ustez, garrantzitsua da hezkuntza hori garaiz ematea, gorputzari, sexu-identitateari eta desirari buruzko zalantza asko egoten baitira.

Horregatik, 2008. urtetik, Getxoko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak Berandu ez heltzeko sexu-hezkuntzako programa antolatzen du, lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleei bideratua. Orain arte, 7 ikastetxek parte hartu dute.

Programan ikasleak eta horien inguruko helduak kontuan hartzen dira, adin honetan, sexualitateari dagokionez hurbileko pertsonen mezuak oso garrantzitsuak izaten dira eta. Ikasleekin gelan sei orduko esku-hartzea egiten da kanpoko profesionalekin, sexu-hezkuntza lantzen ari diren zentroetan modu koordinatu eta bateratuan lan eginez. Horrez gain, irakasleekin bilerak egiten dira eta bi hizketaldi gurasoekin eta/edo ikasleen arduradunekin, programari buruzko informazioa emateko eta sexu-hezkuntza etxean jorratzeko jarraibide batzuk proposatzeko.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +