Berriak

Multikirolak

2018/10/11

Multikirolak udal-programak 22 kirol-modalitate gerturatuko ditu Getxoko Lehen Hezkuntzako ikasleentzat

Multikirolak Getxoko eskola-kiroleko udal-programaren denboraldi berriari urriaren 20an eman zitzaion hasiera, Gobelan, areto-futbolean topaketa batekin. Programa Getxo Kirolak-ek koordinatzen du udalerriko klubekin eta ikastetxeekin elkarlanean, eta denboraldi berri honetan 22 kirol modalitate ekarriko ditu Lehen Hezkuntzako eskola-umeentzat.

Berrikuntza gisa, egutegian badminton, eskalada eta patin-hockeyko saioak sartu dira. Horrez gainera, eskaintzan honako aukera hauek ere aurkitzen dira: areto-futbola, beisbola, belar-hockeya, errugbia, dantza modernoa, euskal pilota, arku-tiroa, herri kirolak, waterpoloa, futbola, atletismoa, saskibaloia, patinajea, padel surfa, kayak, arrauna, bela eta surfa.

 

Multikirolak programan 1.200 haurrek parte hartu zuten iaz. Programa estrategikoa da udalerriko kirol-politikaren barnean, haurrei modalitate ugari ezagutzeko aukera eskaintzen baitie, zertan espezializatu nahi duten hautatu baino lehen.

Aurreko urteetan bezala, denboraldi honetan ere eskola-kiroleko jardueretan parte hartu ahal izango dute Lehen Hezkuntza ikasten ari diren herriko nahiz kanpoko ikastetxeetako ume getxotar guztiek. Modu berean, ez da beharrezkoa izango Multikirolak programa osoan izena ematea, asteburuetan egiten diren topaketa eta txangoetan parte hartzeko.

Parte hartu nahi dutenek IGEen (Ikasleen Gurasoen Elkarteak) bitartez izena eman ahal izango dute edo ikastetxe bakoitzean kirol-jarduerak koordinatzen dituzten pertsonekin harremanetan jarrita. Herritik kanpoko ikastetxeetako ikasleei dagokienez, berriz, Getxo Kirolak-era zuzendu beharko dute ilacruz@getxo.eus posta elektronikoaren bitartez edo Getxo Kirolaken web orrialdeko Multikirolak atalean izena emateko dagoen inprimakia betez.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +