Berriak

thinking Fadura

2018/04/16

Getxo Kirolak-ek abian jartzen du parte hartzeko prozesuaren bigarren fasea Fadurako kirol-parkea diseinatzeko

Getxo Kirolak-ek thinking Fadura-ren bigarren fasea jarri du abian; hau da, herritarrek parte hartzeko prozesua, Fadurako kirol instalazioak diseinatzeko eta aldatzeko, espazio publiko berri bilaka daitezen. Bertan, sarrera libreko parkea eta instalazioak izango dira Getxo Kirolak-eko abonatuek kirola egin dezaten. Bigarren fasea datorren ostegunean, apirilaren 19an, 19:30ean hasiko da, Fadurako ekitaldien aretoan, prozesuan parte hartu edo hori ezagutu nahi duten pertsona guztientzat irekia izango den informazio-saioarekin.

Modu horretan, irailera bitarte, Getxo Kirolak-ek topaketak, lantegiak eta elkarrizketak antolatuko ditu herritarrentzat eta talde espezifikoentzat: pertsona abonatuentzat, kirol klub eta elkarteentzat, eskola-komunitatearentzat, gazteentzat eta adituentzat. Halaber, prozesuan arreta berezia eskainiko zaio kirolean gutxiago ordezkatu ohi diren taldeen parte-hartzeari, eta kontuan hartuko dira genero-ikuspegiak, kultura-artekotasuna eta dibertsitate funtzionala. Era berean, kontuan izango dira kirol-sektorearen eta ongizate-eremuaren potentziala, ekonomiaren sortzaile gisa.

Lehen fasean zehar, udalerriko kirol, gizarte eta kultur elkarte ezberdinek Getxo Kirolak-ekin batera definitu zituzten garagardotegiaren eraikin berriaren premiak. Horrez gainera, Fadurako parkeari buruzko funtsezko alderdien diagnostiko oso bat burutu zen, eta alderdi horiek datozen hilabeteetan jorratuko dira: mugikortasuna eta irisgarritasuna, jarduerak eta erabilerak, espazioen kudeaketa eta segurtasuna, besteak beste.

Apirilaren 19tik aurrera, Fadurako igerilekuen eraikineko hallean erakusketa bat egingo da, orain arte egindako lana eta datozen hilabeteetan proiektuaren barnean landuko diren ildo nagusiak laburtzeko.

Azkenik, gogoratu behar da, foro presentzialez gain, thinking Fadura eremu digitalean ere badagoela, parte hartu eta prozesuaren jarraipena egin ahal izateko. Horretarako, www.thinkingfadura.eus web orrialdea erabil daiteke eta sare sozialak ere bai #ThinkingFadura etiketarekin.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +