Berriak

Saioa Agirre,

2018/01/10

Saioa Agirre, Getxoko kirolari onena 2017an

Saioa Agirre Elordui gimnasta urteko Getxoko kirolari onena izendatu dute berriz ere Getxo Sasoi Sasoian Kirolaren Galan, eta, hortaz, 2015ean lortutako titulua berretsi du. “Hamaika kirol 11garren edizioan” goiburupean ospatu zen ekitaldia atzo iluntzean Olatuan lehenengo aldiz, Kirol Portuko itsas-bidaietako ontzien terminal berrian. Iaz denboraldi aparta egin ondoren iritsi zaio gimnasta getxotarrari kirolari onenaren saria. Izan ere, Espainiako txapeldunorde izan da –banakako absolutuan, uztaian eta zintan, guztiak lehen mailakoak- eta Euskadiko txapeldun, absolutuan eta aparatuetan –uztai, mazo, pilota eta zintan-, maila nagusian ere. 

Getxoko Udalak eta Getxo Kirolak bere kirol erakunde autonomoak antolatutako sariketa da eta bere epaimahaiak aho batez izendatu du Saioa Agirre 2017ko kirolari getxotar onena. Gainontzeko lau hautagaien aurretik geratu da: Eunate Etxebarria judoka –Espainiako haur Txapelketan urrezko domina, 63kg azpikoan-, Ibon Martínez saskibaloiko jokalaria –Europako txapeldun 20 urtez azpiko gorren mailan-, Nikolay Sena patinatzailea –urre eta brontzea Freestyle Irristaketako Espainiako junior Txapelketan- eta Eneko Van Horenbeke arraunlaria –traineruen TKE ligako eta Espainiako eta Euskadiko txapelduna-. Horiek ere,  banakako sari bana jaso zuten. 

Agirre, ekitaldia amaitutakoan, hunkituta zegoen eta sinestezin egiten zitzaion sari hau bigarren aldiz lortzea. Amaiera bikaina izan da saria bere denboraldiarentzat “asko gozatu dudan arren, lan eta entrenamendu ordu asko izan direlako. Iaz bigarren geratu naiz nazio mailako 18 gimnasta onenen artean. Aurten, kanpora gehiago ateratzea espero dut sariketa eta txapelketetan parte hartzeko, nazioartean nire maila non dagoen jakiteko”, aipatu zuen.  

300 pertsona baino zertxobait gehiago, kirol elkarteetako ordezkari, udal agintari eta lagun eta senideak, bildu ziren Imanol Landa alkatea buru izan zuen ekitaldian. Alkateak esker on zintzoena eta bere aitortza helarazi zizkien kirol elkarteei berauen lanarengatik, gizartean eragin handia duen lana “agente giltzarriak baitzarete osasuna ez ezik, gizarteratzea, berdintasuna, euskara eta ekonomia sortzea bezalako garrantzi handiko bestelako politikak ere sustatzeko”, esan zuen Landak, kirolari eta kirol elkarteei zuzenduz.

Horren harira, aurtengo ekitaldia Olatuan egin izana nabarmendu zuen, haren iritziz “kirola, turismoa eta bertako ekonomia sustatzeko aukera eskaintzen duen eremu berria. Era horretan, beharbada, kirol getxotarrak berezko duen izaera geldiezin, berritzaile eta irekiari erregutuz, hainbat poztasun eman digun eta, zalantzarik gabe, gerora ere emango digun kirola delarik. 

Taldekako sariak

Galan zehar, Udalak taldekako hainbat sari ere eman zituen. Horrela, gizonezkoen junior mailan, “Getxo Kirol Berriak” saria Club Tenis Fadurak jaso zuen, 1. mailara igotzeagatik eta Espainiako 2. mailako kategoria absolutuko txapelagatik; eta emakumezkoen junior mailan, Getxo Arrauneko skull bikotzarentzat izan zen, Maialen Ezkurra eta Oihane Pardok osatutakoa, Espainiako Txapelketan lortutako zilarrezko dominagatik. Senior mailan, bestalde, saria emakumezkoetan Aixerrota Boleibol Kirol Taldeko Maider Santxo eta Katalin Garcíak osatutako bikoteak jaso zuen, Espainiako 19 urtez azpikoen Txapelketako zilarrezko dominagatik; eta gizonezkoetan, Arenas Club gazte taldearentzat izan da, Ohorezko Mailara igotzea lortu baitu. 

Sari bereziak

Sari bereziei dagokienez, kirolari ezgaituei zuzendutako “Marka Hautsiz” saria Ibon Martínez saskibaloiko jokalariak eskuratu zuen, 20 urtez azpiko gorren Europako txapeldunak. Emakumezkoen kirolaren alde egindako lana aitortzen duen  “Berdintasuna indartuz” saria Romo Eskubaloi taldearentzat izan da oraingo honetan. Mito den kirolariaren “Aitzindaria” saria Jorge Camiñarentzat izan da; gaur egun teniseko munduko onena da 70 urtetik gorakoen mailan eta Municheko Olinpiadetan diploma irabazi zuen belar hockeyan. “Kiroltasuna” saria José Angel Ortega “Kali”-rentzat izan da, Arenas eta Romo klubetako fisioterapeuta eta masajista. Getxo “Berrituz” saria, kirol jardueran berritzaile izan denari, Bizkerre Futbol Taldeak jaso du, Euskadiko Gestio Aurreratuarekiko konpromisoagatik diploma lortu duen lehen futbol taldea eta arlo horretan “Brontzezko A” aitorpena jasotzeko hautagaia. Azkenik, Getxogaso enpresak hartu zuen “Getxo Zabala” saria, emakumezkoen Bizkerre babesteagatik.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +