Berriak

Mendi Tour

2018/11/05

Azaroaren 13tik 15era

Romo Kultur Etxea

19:30ean

Sarrera: Azaroaren 5etik aurrera Romoko eta Algortako Kultur Etxeetan jaso beharreko gonbidapenez

Informazio gehiago HEMEN

Azaroaren 13tik 15era, Mendi Tour zine-zikloa izango da Romoko Kultur Etxean. Hiru egunez, 2017ko Bilbao Mendi Festival (BMFF) zinemaldian saritutako 10 film emango dira bertan azpitituludun (euskaraz edota gaztelaniaz) jatorrizko bertsioan mendi, eskalada eta abenturari buruz. Saioak 19:30ean hasiko dira eta doako gonbidapenak dagoeneko jaso daitezke Algortako eta Romoko Kultur Etxeetan. Ekimen hori Itxas Argia elkarte getxotarrak antolatzen duen Nazioarteko Mendi Astea dela eta antolatu du Itxas Argia elkarte getxotarrak eta Getxo Kirolak eta Kultur Etxea ditu babesle.

Asteartean, hilak 13, "The Time Within" (zuz.: Ben Sturgulewski) eta "Aurrrera" (zuz.: Mikel Peña) film laburren eskutik zabalduko da saioa. Ondoren, "Bonnington Mountaineer" (80 min.; zuz.: Brian Hall / Keith Partridge) dokumentala hasiko da, Britainia Handiko alpinismoaren izen handi nagusietako bat den Chris Boningtonen bizipenak bildu dituena. Film honek Mendi Pelikula Onenari emandako saria irabazi zuen 2017ko BMFFn.

Biharamunean, asteazkenean, iazko jaialdian Kultura eta Naturaren Film Onenaren saria irabazi zuen "The Last Honey Hunter" (35 min; zuz.: Ben Knight) film ertainarekin abiatuko da saioa. Horretan Himalaiako erle erraldoiaren ezti-uztaren erritua islatu da. Kulung herriko hautatuek labar malkartsuak eskalatu behar dituzte hori lortzeko, ikaragarri arriskutsua den lana eginda.

Horren ondoren "Uruca II-Bugaboos edition" (zuz.: Erick Grigorovski) animazioren film laburra proiektatuko da eta, azkenik, "Pshycho Vertical" (64 min.; zuz.: Jen Randall) dokumentalarekin amaituko da saioa. Azken film hori Andy Kirkpatrick idalze eta alpinistaren autobiografian oinarrituta dago. Zortzi egunean grabatu zen dokumentala, Kirkpatricken Yosemiteko (AEB) parke nazionalean dagoen "El Capitán" izeneko haitza bakarrean eskalatu zuenean. Filmak Gidoi Onenari emandako saria irabazi zuen  zinemaldian.

Azken egunean lau proiekzio egongo dira. "Where the Wild Things Play" (zuz.: Krystle Wright) film laburraren eskutik hasiko da saioa eta jarraian, Epaimahaiaren saria eta Zuzendari Onenari eta Eskalada Film Onenari emandako sariak irabazi zuten filmak izango dira ikusgai. Lehenengoa "Mama" (44 min., zuz.: Wotjek Kozakiewicz) dokumentala da. Kinga Ociepka-Grzegulska da horren protagonista, Poloniako eskalatzaile ospetsuenetariko bat, hain zuzen ere. Bi haurren ama, orain helburu berri bati ekitekotan da: aurrez emakume bakar batek eskalatu ezin izan duen bide bat egitea.

Jarraian "The Frozen Road" (24 min.; zuz.: Ben Page) proiektatuko da. Zuzendariak berak da film ertainaren protagonista eta Kanadako Artikoan barna, negu minean egindako bizikleta zeharkaldia kontatu du horretan. Azkenik, Mendi Tour zikloa amaitzeko, "Safety Third" (28 min.; zuz.: Cedar Wright / Taylor Keating) filma eskainiko da. Brad Gobright gaztea du protagonista eta, nahiz eta inork gutxik hari buruz entzun duen, era askeko munduko eskalatzaile onenetakoa da.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +