Berriak

"Getxo Txiki Kanta" I. Konposizio Saria

2018/05/04

Ander de la Fuente konpositore, abeslari eta irakasle getxotarrak "Getxo Txiki Kanta" I. Nazioarteko Konposizio Saria irabazi du. Bere lana, "Are eta hondare" izenekoa, Areeta eta Romoko auzoen jatorrizko paisaia du ardatza eta "Getxo Txiki Kanta" 2. haur abesbatzen jaialdian abestuko da. Jaialdia ekainaren 3an izango da, Algortako Biotz Alai plazan, eta 270 umek parte hartuko dute.

Ander de la Fuente (1976, Barakaldo) musika ikasketak egin zituen Getxo eta Leoiako udal kontserbatorioetan. Azken udalerri horretako San Juan Bautista abesbatzan hasi zen jarduten musika koralaren munduan eta, ordutik hona, hainbat abesbatzekin aritu da Euskal Herrian zein kanpoan. Horien artean European Academy Choir, EHUko abesbatza eta Society oratorioa (Syracuse; New York) aipatu behar dira. Halaber, zenbait operatan jardun da Bilboko Rossini abesbatzarekin eta New Yorkeko Syracuse Operaren abesbatzarekin.

EHUn eta Errioxako Unibertsitatean musika eta musikologia ikasketak amaitu ondoren Madrilera joan zen 2006. urtean. Bertan, irakasle jardun zen musika irakaskuntzako zenbait ikastetxetan, Armonia eta Musikaren Historia irakasten. 2014tik aurrera Getxo eta Syracusen artean bizi da, klaseak ematen eta baita konposatzen ere. Musika koralaren zale amorratua, zenbait lan idatzi ditu koralentzat eta baita haize-instrumentu eta organo bandarentzat. 2017an, XXI. BBK Sari Handian lehenengo eta hirugarren sariak eskuratu zituen, hurrenez hurren, "El reloj" eta "El himno del humor" piezekin.

"Txiki Kanta" Jaialdia

"Getxo Txiki Kanta" II. Haur Abesbatzen Jaialdia ekainaren 3an izango da, Biotz Alai plazan, eguerdiko 12:00etan, Lilura abesbatzak Getxoko Kultur Etxearekin antolatuta. Ekimen horrek haur abesbatzen lana bultzatzea du helburu nagusia eta 7 abesbatza bilduko ditu; guztira, 270 abeslari jardungo dira. Oraingo honetan Coro Ciudad de Salamanca, Eskolania Arteon (Laudio), Kantalai Korua (Amorebieta-Etxano), Bilbao Musika Gazte-Abesbatza eta Biotz Alai Txiki, Txaramela Musika Eskola eta Lilura Abesbatza talde getxotarrak ariko dira.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +